
Aste Santua gertu dagoela nabaritzen da, izan ere, bost partida baino ez dituzte jokatuko harrobiko taldeek, baina gutxienez horietako bat garrantzi handikoa, Euskal Ligan Bera Berak Basauri liderraren aurka jokatu behar duena. Egian izango da larunbatean egurdian eta garaipena premiazkoa da igoera fasea jokatzeko aukerak izaten jarraitzeko.
SUPER AMARA Bera Berako jokalariak aitortzak jasotzen jarraitzen dute, oraingo honetan, Laura Hernández izan da, 20. Jardunaldiko Guerrera Iberdrola izendatu baitu Federazioak web orrialdean jasotako bozkei esker.

Kultura eta Kiroletako Departamentuak eta Bera Bera kirol elkarteak duela hilabete batzuk ekin zioten 2022 Erregina Koparen antolakuntzari. Espainiako emakumezkoen eskubaloiko ekitaldirik garrantzitsuena da, apirilaren 28tik maiatzaren 1era bitartean Donostian izango dena, Udalaren laguntzarekin.

Bigarren zati bikain bati esker, Lacturale Bera Bera kadete nesken taldeak Leizaran La Salle Berrozpe gainditu zuen Bidebietan (26-20). Ondorioz, zortzi garaipen eskuratuta, jardunaldi baten faltan, maiatzaren 8an jokatuko dena, Jokin Jimenez eta Maialen Eguren taldea Federazio Kopako garaile da.