Bera Bera

Select your language

Partidazo.

Jardunaldi honetan bigarren sailkatua jaso dugu etxean eta lori izerditu behar izan dute Azpeitiarrek garaipena eskuratzeko.

Hasi aurretik bagenekien oso zaila izango zela garaipena baina ISB bezalako talde txikiak ondo ematen zaizkigu eta gure aukeratxoa jokatzeko grinez irten gara pistara. Bosteko txiki eta azkarra plazaratu dugu, kale edo bale, eta kukuak ondo jo digu. Haiek baino mentalizatuagoak atera gara, intentsuagoak eta beldurrik gabe ez baitgenuen deus galtzeko.

Gauzak honela lehen laurdena irabazi dugu 12-11, presioa gainditu ezinik ibili dira beraiek eta gu saskira begira zital. Bestaldean zalantzak sortu zaizkie ez baitzuten hain talde oldarkor bat espero aurrean, guk aldiz ideiak garbi genituen, bagenekien zer joko egin nahi genuen eta lehen laurden honetan lortu dugu.

Bigarren laurdena ildo beretik joan da baina 6.minutuan Azpeitiarrek estualdi bat eman diote haien defentsari eta baloi dezente lapurtu dizkigute presioan. Guk aldiz errotazioak egin ditugu eta ezin izan diogu hasierako intentsitateari jarraipena eman, honela markagailuan ihes egitea lortu dute eta 23-31 iritsi gara atsedenaldira.

Hirugarren laurdenaren lehen erdian 3-13ko partziala sartu digute. Berriro ere errebotea ez dugu ondo zaindu, baloia igotzeko zailtasuna genuen eta erasoan ez genituen zirrikituak aurkitzen. Ez dugu asmatu baloia mugitzen, estatikoan kosta egiten zaigu aukerak sortzea, eta ezin izan dugu erritmo azkar batean jolastu trantsizioan errebotea haiena baitzen. Azpeitiarrek kalitatezko saskiratzeak lortu dituzte eta erakutsi dute zergatik diren bigarren sailkatuak. Hala ere taldeak berriro ere ez ditu besoak jaitsi, hutsarte bat eskatu dugu ideiak berrantolatzeko  eta partiduari heldu nahi horretan temati jarraituz 8-0eko partzial batekin itxi dugu laurdena.

Azken laurdena eta partiduan ginen, aukera errealekin garaipena lortzeko eta erabat sinistuta, ligako talde hoberenetakoari gauzak zail jarriz. Defentsan gure ohiko aldaketa egin dugu eta Azpeitiarrak erabat blokeaturik egon dira une batez, baloi asko lapurtu ditugu atzean eta taldeak sekulako adorea erakutsi du, haiek aldiz itzaliak zeuden, haserre. Partidua hausteko hainbat aukera izan ditugu baina saskira begira aziertua falta izan zaigu eta honelako taldeen aurrean ezin da barkatu. Azken momenturarte lehiatu dugu eta 42-51 amaitu arren partidua oso zapore onarekin geratu gara, galdu arren eta partidua nola joan den ikusita garaile psikologikoak izan garela esan dezakegu umiltasun osoz.

Emaitza ikusterakoan bat baina gehiago  harrituko da ziur, hain markagailu estua ez baitzen espero, a priori alde handiz galdu beharreko partidua genuen liga nola doan ikusita. Baina ez, azken bi partiduetan sekulako aurrerapausoa eman du taldeak eta liga hasieran ginen mailatik oso goran gaude orain, lastima da liga itzuli bakarrekoa izatea berehalako errendimendua eskatzen baitu horrek eta ez epe ertain/luzekoa. Gabonetako geldialdira oso une gozoan heldu gara eta datozen partiduak lehiatzeko ondo eta ganoraz entrenatzea besterik ez zaigu geratzen.

Gauza asko hobetu behar ditugun arren; azkenean, agian, uste duguna baino lehiakorragoak gara. Zorionak eta jarrai dezagun!

Luke (9), Eneritz (6), Arrate (-), Maria (5), Inge (14), Nahia (-), June (6), Maddi (-), Natalia (2).

Laguntzaileak / Colaboradores

Laguntzaileak/Colaboradores