2023ko urtarrilaren 26an Diario Vasco egunkariak Anoetako Kote Olaizola mini estadioko zelaiaren inguruko artikulu bat publikatu zuen. Bera Bera Rugby Taldeak egoera horren inguruan informazioa argitzeko beharrean ikusi du bere burua, izan ere, Donostia Kirolako kudeatzailea den Leire Landak honako hau esan zuen: “Bere garaian, lorezaintza arduradunak Bera Berari gomendatu zion urtean geldialdi bat edo bi egiteko, eta hori ez da errespetatu. Horren ondorioz, egoera honetara iritsi gara”.
Baieztapen horren aurrean, klubak honako hau argitu nahi du:
1. Oso kezkagarria da Donostia Kirolako arduradunak zelaiaren egoera tamalgarriari buruz atera duen ondorio nagusia Bera Berari errua botatzea izatea; are gehiago, bilera horretan bertan, Tecnatura enpresako teknikariak azpimarratu zuenean egoera horren arazo nagusia dela zelaia zaharkituta dagoela eta gabeziak dituela bere funtzioa modu egokian betetzeko, belar naturaleko zelaiek jasango ez luketen gehiegizko erabilera izateaz gain.
2. Bestalde, azpimarratu nahi dugu klubak askotan eten duela bere jarduera, Donostia Kirolak hala eskatuta, izan euri-jasa biziengatik, zein mantentze-lanengatik. Etenaldi horietan guztietan, klubari ez zaio inoiz inolako alternatibarik eskaini, hau da, ezin genuen entrenatu edo beste zelai batzuetara joan behar izan ginen: Hernani, Zarautz… Bide batez, hemendik eskerrak eman nahi dizkiogu Hernani Rugby taldeari, gure klubari emandako laguntza eta kolaborazioagatik.
3. Azken hilabeteetan ez digute geldialdirik egiteko eskatu, are gehiago, guk geuk proposatu behar izan dugu etenaldia, eta azken Gabonetan hilabetez egon gara mini estadioan entrenatu eta jokatu gabe, zelaia berregokitu ahal izateko. Bide batez, gogorarazi nahi dugu, 2020an, Covid-19aren pandemia zela medio, zelai hori ez zela erabili gutxienez 8 hilabetez (martxotik urrira arte).
4. Egoera honen guztiaren sakoneko arazo nagusia da Donostian ez dagoela errugbirako udal-instalazio esklusiborik. Puion futbol-errugbirako instalazioak egin ziren, baina futbolak erabateko lehentasuna du bertan, eta gainera, zelaia ez dago homologatua gure taldeen partidu gehienak jokatu ahal izateko.
Urte asko daramatzagu, 30 baino gehiago, errugbi instalazio hori aldarrikatzen, beste klubek baino gastu ekonomiko handiagoak geure gain hartzen eta instalazio okerragoetan entrenatzen. Horrek ezinezko bilakatzen du kluba haztea eta errugbiaren sustapena hobetzea (hori da gustatzen zaiguna eta horretan dihardu nahi dugu, ez zelaiak mantentzen). Horren guztiaren arrazoia da ez dugula inguruko herri eta hiri askok duten instalazio egokirik.
Beti bezala, prest gaude Udalarekin elkarlanean aritzeko, arazo honi behin-behineko eta behin betiko konponbideak bilatzeko, baina onartu ezin duguna da gure kluba mini estadioaren egoeraren erantzuletzat seinalatzea.
BERA BERA RUGBY TALDEA