AVK Bera Bera 12-57 Belenos
Emaitzak interpretaziorako margin txikia uzten du eta argiki erakusten zer gertatu den pasa den larunbatean Anoetan . Aurredenboraldian partida bakarrak jokatzeak dituen ajeak dira, aurreko igandean Hernanin ikusi genuen bezela.
Donostiarrek ez diote inondik inora jokatzeari uko egin, eta beraien joko proposamena ateratzen saiatu dira. Baina engranaje faltak, inprezisioek eta bat eginda ez dagoen taldea edukitzeak zenbait akats egitera eraman ditu. Belenos aldiz, konprenetatua zegoen, ofizio askoko jokalariak zituen eta gure akatsei etekina ateratzeko gai izan da.
Izan ere, eskasetan nahiko paretsu ibili dira bi taldeak, uztartze bilduetan egon da diferentziarik, baina fase honetan ere aurreko igandetik hona progresio bat egon da handiena.Hala ere, Belenos nagusi izan da jokoaren fase honetan eta jokaldiak eraikitzea atzera doan uztartze bildu batekin biziki nekeza da.
Jokalarien zirkulazioan egon diren zuloak primeran probestu ditu Belenosek. Gainontzean, bat batekoaren aurka , eraso zein defentsan, ondo ibili dira donostiarrak, gogor saiatuz.
Lehen zatia 3 entsegu azkarregi jaso ditugu, bateko zalantzak, besteko akatsak, asturiarrek hagapean pausatu dute baloia. Lehenengo zatian beraien 22koan 10 bat minutu eman ditugu, baina ez diogu errendimentua atera.
Ez da kexuka hasteko unea, taldea kontsolidatzeko momentua baizik. Gorka Buenok eta Xabi Martinezek galtzak bete lan dauzkate, baina tribuna honetatik argi daukagu egin beharrak ez diela beldurrik ematen, eta esku artean zer duten jakitun direnez, beren eraikuntza prozesuarekin jarraituko dutela.
Guk gure jokalari eta entrenatzaileei txalo bero bat eskeini nahi diegu ahaleginagatik, Belenos taldea zoriondu eta agur bero bat bidali Mauro eta Iñigo Arellanori, berandu baino lehen zelaian egon daitezen.
Vithas Gaztedi 20-22 Termas Bera Bera
Emaitza ikusita irakur daitekeenez, joan den larunbatean Gasteizen jokatutako partida oso partida estua izan zela. Jokin Laura eta Ametsen neskek aurreko asteburuan Hernaniren aurka jokatutako partidaren arantzatxoa kentzeko aukera izan zuten. Aste honetan entrenamenduak biziagoak izan dira eta jokalariak erregularragoak, eta entrenamenduetako sentsazio onek partidaren amaierara arte jarraitu dute.
Gasteiz, Urriak, eguzkia eta tenperatura atsegina... ezin hobea errugbirako.
Bera Berak ireki zuen markagailua, Gaztediren 22an 11. minutuan zigor kolpe baten transformazioaren bidez. Eta hemen zelaitik zelaira joan-etorri bat hasiko zen, jabetza irabazi eta galduz, baina intentsitatea, ordena eta pazientzia mantenduz 36. minutuan Yurriren lasterketa baten ondoren entsegua iritsiko zen. Albak ez zuen huts egin, eta horrela markagailuan 0-10ekoa jarri zuen, baina oso denbora gutxi behar izan zuen, 4 minutu geroago Gaztediko Leire Segundok entseguaren gunean baloia pausatzea lortu baitzuen 5-10ekoa jarriz, eta horrela joan ginen atsedenaldira.
Bigarren zati hasi eta berehala, 49. minutuan, gasteiztarrek Itziar Costumeroren entsegu batekin (10-10) defentsa gurutzatu zuten.
Taldeak nekearekin diziplinarik gabeko momentuak iristen hasi ziren eta 51. minutuan Gaztediko Aiala 10 minuturako kanporatua izan zen eta jarraian zelaira irten eta 2 minutura Bera Berako Antia kaleratu izan zen ere. Bi taldeak jokalari bat gutxiagorekin geratu ziren zelaian, baina beste txartel hori batek 5 minutu beranduago Bera Bera jokalari 1 gutxiagorekin utziko zuen. Zorionez, gureak ez ziren behera etorri, eta Laura, Yurri eta Enararen arteko konexioak bikain funtzionatu zuen eta horrela Enarak 58. minutuan gurutzatu zuen marka (10-15). Gaztedik berehala erantzun zuen markagailuan 15-15ekoa jarriz 66. minutuan Sineaden eskutik, bere bigarren erdiraketa.
20 minutu genituen aurretik eta borroka prest zegoen. Bera Berak oinean metroak irabaztea lortu zuen, kanporatutako jokalariak berreskuratu zituen eta 72. minutuan aurrea hartu zuen, eta beren 22an hainbat pick & go lotu zituen, eta Ihintzak bere indarra eta kemenari esker lortu zuen entsegua gero Enarak transformatuko zuena 15-22 jarriz markagailuan. Harmailetan urduritasuna handitzen ari zen, markagailua gure alde zegoen baina partida ez zegoen ez amaituta ezta erabakita ere... Eta horrela, gure deskuidu batean Gaztedikoen 4. entsegua iritsi zitzaigun Chenoaren eskutik. Gaztedik ez zuen entsegurik eraldatu ordura arte, baina Adara saiatzen ari zen oraindik... eta batzuen zoritxarra besteen zori bihurtzen da, huts egite horrek garaile atera baikintuen.
Hemendik Gaztediri eskerrak eman nahi dizkiogu topaketa aldaketa onartzeagatik eta batez ere batailagatik. Clara, Cristy eta Goraneri susperraldi azkar bat opa diegu, eta Monika eta Adrianari, berriz ere entrenatzen hasi baitira, pazientzia, zuek zelaian ikusteko irrikan gaude. Taldea zoriondu nahi dugu aste honetan duen diziplinagatik, partidua hustu eta % 100 emateagatik eta garaipenagatik, horixe da bidea.
AVK Bera Bera B 0-59 La Única RT
Nahiz eta aurkako emaitza handia izan, 0-59, sentsazio hobeak aurreko asteburuarekin alderatuta. Gure taldeak 80 minutu eman zituen partidan sartuta, oso jarrera onarekin eta plakaje ugari eginez.
Aurrean, Eñaut Irazabalbeitia kapitaina eta Pablo Miranda gure kapitaina berreskuratu genituen, eta horrek gure taldearen oldarkortasuna hobetzea ekarri zuen. Atzeko lerroan, lesioengatik justu-justu eta aulkian ordezko hiru laurdenik gabe iristen ginen. Hala ere, taldeak jo ta ke ibili zen.
Azpimarratu behar da aurreko denboraldian maila gorenean egotetik zetorrela aurrez aurre genuen taldea, eta igoeragatik borrokatzeko hautagai argia da. Isasaren taldeak partida ona jokatu zuen, zelaian oso ondo kokatuta eta prestakuntza fisiko onarekin.
2 partida jokatu eta 2 porrot handi, aurtengo helburua mailari eustea dela berretsiz. Lanean jarraitu eta denboraldiak aurrera egin duenean taldea hazten joan dadin itxarotera.
S18 Getxo 21-19 AVK Bera Bera S18
Denboraldiko bigarren partidoa. Egun bikaina Faduran, eguzkitsua errugbiaz disfrutatzeko modukoa. 15 jokalariekin azaldu ginen, sub 16eko bi jokalarien laguntzaz. Partidoa ondo hasi zen. Markagailuan 12-0 aurreratuz. Lehengo zatia bukatzear zegoenean getxotarrek merezitako entsegua lortu zuten. 12-7 atsedenean. Lehengo zatiko sentsazioak ona izan ziren, jarrera ona defentsan eta leihan. Gure jokalariak entxufatutak zeuden.
Bigarren zaitan sufritzea tokatu zitzaigun. Defentsa lana izugarria egin zuten gure mutilek. Gure 22ko lerroan denbora ugari pasa zuten getxotarrek. Ostikada zital baten ostean, entsegua lortu zuten fadurako mutilek ia zelai guztia zeharkatuz. 14-12 markagailuan. Partidoa oso leihatuta zegoen. Ez ginen gai izan gure jokoari jarraipena ematea eta, ondorioz, akatsak garesti ordaintzen dira. Getxokoek jarraitu zuten bere lanean. Sarrera motzak eta indartsuak. Leihan gogor ibili ziren. Hainbat fase gure 22koan defendatu eta gero, entsegua lortu zuten bizkaitarrek. 21-12.
Gure mutilek, ordea, ez zuten etsi eta azkeneko minutura arte borrokatu zuten. Borroka hori ez zen nahikoa izan garaipena lortzeko nahiz eta partiduko azkeneko bost minututan hirugarren entsegua lortu. 21-19 markagailuan.
Ostikoan getxokoak hobeto ibili ziren. 2 puntuko diferentziarekin gelditu zen partidua. Defentsako bonusa gure mutilentzat. Jarrera bikaina erakutsi zuten gure gazteek. Orain jarrera horrekin mantetzea tokatzen da eta partidoan ikusitako ahuleziak indartu. Garaipena lortu ez arren, oso pozik gaude gure mutilak erakutsitako jarrerarekin.
S16 Getxo 5-37 AVK Bera Bera
Eguraldi bikaina, eguzkia, tenperatura ona eta errugbian jokatzeko gogo handiarekin aurkeztu ginen Faduran Getxo bezalako talde on bati aurre egiteko. Etxekoek oinplano oneko taldea dute, eta partida hasi bezain laster ikusi ahal izan denez, oinplanoaz gain, plakatzen dutela eta espazioak ere ondo ixten dituztela.
Guk, azken partidetan bezala, gure jokoa oso modu zehatzean planteatzen dugu, lerro artean ondo hautsiz eta jokoaren faseak kontrolatuz. Efektibo gisa justu goazen arren, berriz ere 15ekin jokatu behar izan baitugu (Aprobetxua Ilya eta Aimarren ahalegina eta sakrifizioa eskertzeko), taldearen maila fisikoa oso ona da, eta, beraz, jokalariek oso ondo eutsi diote partida osoari.
Azkenean, oso joko ona eginda, getxotarrak mendean hartzea lortu dugu, eta emaitza bikaina izan den arren (5 - 37), partida osoan aurpegia eman dute.
Zorionak berriro ikasi duten eta errugbiko goiz bikainaz gozarazi diguten neska-mutilei.
AVK Bera Bera S14 vs AVK Bera Bera Iparralde / Zarzutz Beltzak / Txingudi
14 urtez azpikoen debuta XV. mailako errugbian, errugbian jokatzeko oinarrizkoa jarrera dela erakutsi zuten hasiberriz betetako taldea, zorionak beraiei. Beteranoenen artean egon zen nork gozatu zuen, entrenatzen den bezala jokatzen delako, baina askok behar baino gehiago sufritu zuten eta espero dezagun astegunetan gehiago aplikatzeko balio izatea. Bokata onak eta irribarreak etxerako, jakinik asteartean plakaje-entrenamendua eta Espainiako errugbi federazioko arbitroen heziketako zuzendaria den "txuri" ren bisita tokatzen direla, gure kirol polita pixka bat hobeto ulertzen laguntzeko.