“Eon ai lo ta jangon me” esan zuen noizbait zerbait bazekien batenbatek.
Ba bai, talde hau hoberenerako gauza den moduan, bigarrenez aidanez, txarrenerako ere bada.
Aurkari zuzena genuen gaurkoan eta aurreko asteko ezusteko porrotaren ostean garaipena behar genuen bai ala bai. Bistan da zer gerta ere lehen hiruren artean sartzeko aukerarik iada ez genuela nahiz eta gai ginenaren sentsazioa izan.
Holaxe da saskibaloia, gabonetatik bueltan gora begira eta gaurko porrotaren ondoren behera begira. Aurrean beren aukerak asmatzen jakin duen Inter bat izan dugu eta bestaldean gu, olentzero mendira itzuli zela baina guk opariak ematen jarraitzen dugu, gabonetako izpiritua iltzatua geratu zaigula dirudi.
Baja batekin hasi dugu partidua eta lehen jokaldian jokalari bat lesionatu zaigu, beste behin errotazio oso motzarekin jolastu behar izan dugu baina ez da aitzakia inolaz ere. Ez dugu lehen saskiratzea lortu 5.minutura arte eta defentsan ez gara ohiko intentsitate eta gosearekin atera. Gainera lapurtu ditugun baloiak eta gero sarrerak bakar bakarrik huts eginez gero zaila da lehiakor izatea edonorren aurrean. Honela lehen laurdena 6-10 amaitu da.
Bigarren laurdenean defentsa aldatu dugu eta 12-12 jarri gara baina ondorengo 7 minutuetan ez dugu punturik sartu. Haiek zonakako defentsa batean jarri dira, oraindik ez dakigu 2-3 , 3-2 edo 1-4 edo ze arraio zen, zona barruan gotortu dira eta kanpotik ez dugu batere asmatu. Gainera barrura sartzen ginen bakoitzean ez zegoen inondik zirrikiturik. Bestalde gu defentsan berandu iristen ginen, pase lerroak ez ditugu estutu, erdia ez dugu itxi, blokeoetan ez dugu hitz egin… beraz atsedenaldira 12-23 iritsi gara.
Ez zait epaileen lana kritikatzea gustatzen baina atsedenaldirako guk 6 falta genituen eta haiek 0. Kriterioa ez zen berdina bi aldeetan eta honek jokalarien artean frustazioa sortu du. Atsedenaldian psikologo lan pixka bat eginda eta xedapen taktiko batzuk emanda 3.laurdenari ekin diogu.
Zirrikitu batzuk aurkitu ditugu eta zerbait hurbildu gara markagailuan baina haiek hutsarte baten ondoren ondo erantzun diote gure proposamenari, guk aldiz haienari ez. Baloiaren mugimenduan, barrura-kanpora zirkulazioan, high-low posizioan, kanpoko spacingean, triangulazioan… hainbat eta hainbat alternatiba emanagatik ere ez genuen asmatzen. Hala ere laurdena irabazi dugu eta 21-30 zen markagailua.
Azken laurdena partido guztia bezala joan da gu defentsan oldarkortasunik gabe eta haiek beraien zonan Donostiako setioaren pareko erresistentzia eginaz. Bazirudien momentu batzuetan partidua hausteko aukera genuela, parebat kontraeraso eginda eta erasoan jokaldi onak burutuaz baina espejismo hutsa izan da. Ondo kudeatu dute aldea eta azken jokaldian 7 errebote erasoan hartu ondoren saskiratzea lortu dute eta partidua amaitu da.
Ez da aurkari disdiratsu bat izan gaurkoan gure aurrean baina oparirik ez dute egin eta ez dute saskira begira barkatu. Guk lauzpabost sarrera hutsegin ditugu trantsizioan bakarrik, bi bandetan zuzenean haiei eman, fondotik oinez atera baloiarekin zelaira… infantilen partidu bateko propioak diren akzio eta jarrerak. Kontzentrazio falta handia, lankidetza gutxi eta odol falta.
Gure jarraitzaileen arabera TC %5-7 inguruan ibili da, bat sartzeko 10 bota behar. 10 saskiratze bakarrik lortu ditugu, laurdeneko 2, beste puntuak jaurtiketa libreen marratik.
Aspektu positibo moduan defentsako errebotea hobekiago itxi dugula izan da.
Entrenamenduetan lanean jarraitu behar dugu, jarrera hobeaz eta autoexijentzia gehiagoz, jokalariak jakin behar du entrenamenduetan lantzen duguna zerbaitegatik dela eta ez dela denbora pasa hutsa. Aste honetan ondo pasatzeaz gain, hori oso ondo ematen zaigula, lana ere egin beharra dago.
Gogor neskak!
Luke (7), Eneritz (2), Oihane (-), Arrate (-), Maria (-), Inge (8), Nahia (-), June (11), Maddi (-)