Bera Bera

Select your language

Nortasun handiko garaipena erdietsi du taldeak Axular Lizeoaren aurka.

                Hasi aurretik bagenekien ez genuela partidu xamurra izango Axularren aurkakoa. Aurrekari moduan haien aurka aurredenboraldian jokatu genuen lagunartekoa genuen; 30-40 puntu inguruz galdu genuena. Eta gauzak zer diren; gaurkoan irabazi egin dugu. Taldeak sekulako hobekuntza izan du denboraldi hasieratik eta ongi eginikoek eta eskarmentuek fruitua eman dute gaurkoan.

                Norgehiagoka bizia hasi da baina saskira begira aziertu handirik gabe bi taldeentzat. 4.minututik aurrera ordea taldea lehiakor sentitu da eta hasi aurreko beldurrak uxatuta eta jokoari ausardia emanaz 14-6 amaitu da lehen laurdena. Haien presioa gainditzeko ez genuen arazorik eta guk defentsa oldarkor batetik abiatuz azkar saskiratzea lortu dugu.

                Bigarren laurdenak konpas berberetan egin du dantza: bi taldeak presioan temati, intentsitate altuan eta joko bizian, batzuetan aztoratuegia. Aldea mantentzea lortu dugu eta atsedenaldira 26-18 joan gara. Aurredenboraldian kolorerik gabe galdu genuen taldeari irabazten geuden eta honek indartuta ekin diogu hirugarren laurdenari.

                Hala ere partiduak beste norabide bat hartu du laurden honetan. Axularko neskek defentsa aldatu eta zelai erdiko defentsa oldarkor batera igaro dira; ez dugu baloia nola mugitu asmatu eta baloi ugari lapurtu dizkigute. Blokeo momentu bat bizi izan dugu eta 4-16 ko partzial baten ondoren 30-34 amaitu da laurdena.

                4.laurdena hasi bezain laster aldea zabaltzea lortu dute, 8 puntuko tartea hain zuzen ere. Eta hemen iritsi da taldearen erantzuna. Defentsa aldatu dugu eta Axularkoen oldarraldia eten dugu, baloi andana lapurtuaz eta saskiraketa bizkorrak lortuaz. Erasoan botea askoz ere gogorrago erabili dugu eta aukerarik hoberenak aurkitzen saiatu gara uneoro. Taldea defentsan bikain zebilen eta honen adibide garbia dugu pasarte hau: gure saskiratzaile nagusietako bat aulkian zen eta zelaira sartzeko esan diogu eta beraren erantzuna hauxe izan da: “Ni, nola ba? Kantxan daudenak bikain hari dira eta”. Arrazoi zuen, kantxan zeuden 5ek jokalari bakarra ematen zuten. Talde izaera honek hauspotuta azken 20 segundotara 46-44 aurretik iritsi gara. Eta Axularrek bi jaurtiketa libre partidua berdindu al izateko; biak hutsegin dituzte eta errebotea eskuratu dugu. Azken 20 segunduak bikain kudeatu ditugu; heldutasun handiz eta ziurtasunez, ez dugu baloia galdu eta garaipena etxean geratu da.

                Emozio handiko partidua izan da eta taldeak erakutsi duen batasuna, nortasuna eta elkarrenganako konfiantzak eman digu garaipena, garaipen handia. Zorionak neskak!!

                Azkenik gure indar guztia min hartu duen Axularko jokalariari.

Luke (11), Eneritz (3), Arrate (-), Maria (5), Inge (14), Nahia (-), June (6), Maddi (2), Natalia (4)

Laguntzaileak / Colaboradores

Laguntzaileak/Colaboradores